Ahozko nahiz idatzizko hizkeran erabiltzen diren hainbat eta hainbat esapide ohiko ISren egituraren bidez azaltzea ezinezkoa denez, lan honen helburu nagusia bide berriak urratzea eta beste sailkapen bat proposatzea izan da. Lanaldi honi ekiteko, batik bat bi ezaugarriri erreparatu diegu, alde batetik, determinatzaileen agerpenari, eta beste aldetik, sintagmaren barneko elementuen ordenari. Bi ezaugarri hauen arabera honako sailkapen hau proposatzen da: 1) ohiko ISak, 2) izen sintagma bananduak (ISB), eta 3) elementuen ordena aldatua duten ISak. Lanean zehar ISBez, batez ere, eta ordena aldatu duten ISez aritu gara. ISBen kasuan, esan daiteke, oro har, sintagmaren zatiren bat mugitzen denean, mugitutako elementuak berarekin batera garraiatzen duela sintagmari dagokion determinatzailea (cf. txango polita egin genuen –> polita egin genuen txangoa). Horrelako sintagmetan, hortaz, determinatzaile bat baino gehiago agertzen dira. Eta nola jokatzen duten azaltzeaz gain, zer-nolako motak diren ere adierazten da txostenean. Bestalde, elementuen ordena aldatua duten ISen jokabidea aztertzen da; hauetan, sintagmaren barreneko elementuak mugitzen dira, oro har, izenaren eskuinetara, baina determinatzaile bakarra agertzen denez, beste sail batean sartzea proposatzen da.
Alexander Artzelus MuxikaVarun DC Arrazola